IKASTEAREN NAHASMENDUAK

Ikastearen Nahasmendua (IN) oso hitz generikoa da, eta irakurtzeko, idazteko edo arrazoitzeko zailtasunak edota matematiketarako zailtasunak dituzten entitateen talde heterogeneo bati egiten dio erreferentzia. Ikastearen nahasmendua egoera iraunkorra da eta eragina du haurraren eskola-bizitzan; izan ere, alde nabarmena sortzen du benetako gaitasunaren eta errendimendu akademikoaren artean, eragina du bere autoestimuan eta ikaskideekin dituen harremanetan eta eragin handia izan dezake familiaren dinamikan.

  • DSM-IV (1994): Ikastearen nahasmendu espezifikoak

Irakurmenaren nahasmendua: Dislexia.

Dislexia ikastearen nahasmendu espezifikoa da eta jatorri neurologikoa du. Hitzak behar bezala eta/edo azkar antzemateko zailtasunak eta letreiatzeko eta deskodifikatzeko gaitasun eza dira nahasmendu honen ezaugarri nagusiak. Zailtasun horien jatorria, oro har, hizkuntzaren elementu fonologikoaren gabeziak izaten dira eta ez dira espero zitekeen zerbait, pertsonaren beste trebetasun kognitibo batzuei eta eskolan irakaslearengandik jasotzen dituen jarraibideei erreparatuta. Nahasmendu honen bigarren mailako ondorioak izan daitezke irakurritakoa ulertzeko arazoak izatea eta irakurtzeko eskarmentu edo praktika gutxi izatea. Eta, ondorioz, dislexia duten pertsonek hitzak ikasteko eta jakintza orokorrak barneratzeko arazoak izan ditzakete.

Kalkuluaren nahasmendua: Discalculia.

Nahasmendu horren ezaugarririk nagusia da aritmetika ikasteko gaitasunean eragiten duen alterazio espezifikoa, adimen-atzerapen baten bidez edo eskolatze desegoki baten bidez nekez ulertu daitekeena. Nahasmenduak eragina du oinarrizko ezagutza aritmetikoak ikasteko gaitasunean, zeina batuketan, kenketan, biderketan eta zatiketan eragin handiagoa duen, abstraktuagoak diren aljebrako edo geometriako matematika-ezagutzetan baino.

Idazmenaren nahasmenduak: Disgrafia.

Ajuriagerrak honako hau dio bere Manual de Psiquiatria Infantil liburuan: Disgrafikoa izango da idazkera akastuna duen haur oro, betiere gabezia hori azaldu dezakeen edozein gabezia neurologikorik edo intelektualik ez badu.

Idazmenaren nahasmendua da, forman (motorra) edo esanahian (sinbolizazioa) eragina duena eta funtzionala dena. Gaitasun intelektual normala eta inguruneko estimulazio egokia duten eta nahasmen neurologikorik, sentsorialik, mugimendukorik edo afektibo nabarmenik ez duten haurrengan ematen da” Portellano, Pérez 1988

Disortografia.

Disortografia ortografiaren nahasmendua da, idazmenaren nahasmenduen multzoan sartzen dena. Honela definitu daiteke: “ Disortografia idazketan egiten diren akatsen multzoa da, hain zuzen ere, hitzari, eta ez ordea, marrazketari edo grafiari eragiten diotenak” (Garcia Vidal, 1989). Kode idatzia modu egokian transkribatzeko zailtasuna da, hau da, zailtasun handiak izatea kode idatzia, arau ortografikoak eta hitzen idazketa uztartzeko.

Ikastearen nahasmendu zehaztugabea

Kategoria honetan sartzen dira ikastearen edozein nahasmendu zehatzaren irizpideak betetzen ez dituzten nahasmenduak. Kategoria honetan sar daitezke irakurmenean, kalkuluan eta adierazpen idatzian atzemandako gabeziak, baldin eta errendimendu akademikoan eragin nabarmena badute. Batzuetan gabezia horiek ematen dira nahiz eta norbanako gaitasun horiek ebaluatzen dituzten probetan pertsonaren maila bere adina, ebaluatutako adimen-maila edo bere adinari dagokion ikasketa-maila direla-eta espero zitekeena baino baxuagoa ez den izaten.

Comments are closed